Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

ULMAk bat egiten du NBEren Mundu Itunarekin, enpresa sare inklusiboago, oparoago eta jasangarriagoa sortzeko ekimena babestuz

2024/05/28
Enpresa jarduera osoan jasangarritasuna indartzeko helburu estrategikoaren ildotik, ULMAn ekonomia jasangarriagoa lortzeko hartua dugun konpromisoa erakutsi eta horretarako lankidetza sustatzen dugu, martxotik Nazio Batuen Mundu Itunarekin bat eginda.

Enpresa sare inklusiboagoa, jasangarriagoa eta oparoagoa sustatzen duen ekimena da NBEren Mundu Ituna, eta enpresek eta erakundeek Hamar Printzipioak betetzeko eta Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) lortzeko egiten dituzten ahaleginen katalizatzaile gisa jarduten du. Jasangarritasun korporatiboa garatzeko ekintza globaleko foro nagusia da Mundu Ituna, eta 23.800 parte-hartzaile baino gehiago ditu 160 herrialde baino gehiagotan.

Gaur, Mundu Itunaren Espainiako Sareak hogei urte betetzen ditu enpresen jasangarritasunaren aitzindaria izaten, eta ULMAk, sare horretan sartuta, Mundu Itunaren Hamar Printzipioak betetzeko konpromisoa hartzen du, printzipio horiekin bermatuko baita Giza Eskubideak zein Lan Eskubideak eta Ingurumena errespetatuko dituen jokabide korporatiboa izango duela eta ustelkeriaren aurka jarduteko konpromisoa hartuko duela. Printzipio horiek gure jarduteko moduan txertatuta daude, eta gure barneko Kode Etikoan jasota daude.

Hala ere, benetako jasangarritasuna soilik beste erakunde batzuekin lankidetzan arituta lor daitekeela ulertuta, erabaki genuen 17. GJHren alde jardutea, Mundu Itunak ordezkatzen duen aliantza globalarekin bat eginez. Garapen Jasangarrirako 17 Helburu horiek eta 169 jomuga zehatz Nazio Batuen Batzar Nagusiko 193 herrialde kidek 2015eko irailean onartutako ekintza plan baten parte dira. Agenda 2030 izena du plan horrek. Pertsonen, planetaren, oparotasunaren eta bake unibertsalaren alde 2030ean garatzeko eta lortzeko diseinatutako eta adostutako bide orria. NBEren Agenda 2030aren Garapen Jasangarrirako 17 Helburuen barruan, jomuga sozial, ekonomiko eta ingurumenekoak sartzen dira, ekoizpen eta kontsumo arduratsua, lan duina eta hazkunde ekonomikoa lortzeko asmoarekin.

Agenda 2030 eta Garapen Jasangarrirako Helburuak bere ekintza eta planetan ezarriz, klima aldaketa arintzen lagunduko duten praktikak sustatzeko ez ezik hornidura kate arduratsuak eta produktu eta zerbitzu jasangarrien berrikuntza sustatzeko konpromisoa hartua duten enpresen sareko kide da ULMA. 

Mundu Itunak elkarrengandik ikasteko, jardunbide egokiak trukatzeko eta eztabaida foroak egiteko esparrua eskaintzen du, jasangarritasunaren arloko erronka global nagusiei erantzungo dieten ikuspegi eta irtenbide berriak batera sortzeko eta bultzatzeko. Gure atxikimenduarekin, are aktiboagoak izan nahi dugu eta modu kolaboratiboan lagundu ahalegin globalari.

Zalantzarik gabe, maiatzaren 28ko ospakizuna aukera aparta izango da, ez bakarrik Mundu Itunaren Espainiako Sareak egindako lana aitortzeko, baita bertan eraldaketa jasangarriaren alde bilduko garen eragileen arteko lankidetza sustatzeko ere.

Horrela, Mundu Itunaren 10 Printzipioak zorrotz betetzen direla bermatzeaz gain, Garapen Jasangarrirako Helburuen eta horiek lortzeko beharrezkoa den talde lanaren hedapenean batzen gara.