ULMAk laneko osasunarekin eta segurtasunarekin duen konpromisoa berretsi du
ULMAn badakigu lan-ingurunean segurtasuna eta osasuna bermatzeko etengabeko eta eguneroko lana behar dela, arlo horretan diharduten adituena eta beharrezko baliabideena, bai eta etengabeko prestakuntza eta sentsibilizazioa ere.
Horregatik, laneko arriskuen prebentzioa oso sartuta dago ULMA Constructionen jardueran. Industria-sektorekoa gara, lan-gorabehera gehien dituen alorretakoa, eta etengabeko baliabideak eta ahaleginak behar ditugu istripuak eta gaixotasunak izateko arriskua ahalik eta gehien murrizteko. Errealitate hori kontuan hartuta, ZERO istripu larri izateko helburu korporatiboa ezarri dugu, eta 2024an ere bete dugu.
Gainera, ULMA Constructionek arlo honetan egindako lanaren erakusgarri gisa, ISO 45001 ziurtagiria dugu matrizean 2020. urtetik, baita Polonian eta Perun ditugun egoitzetan ere.
Prebentzioa hobetzeko ahaleginak 2024. urtea 33,21eko intzidentzia-tasa korporatiboarekin ixtera eraman gaitu, 2023. urtearekiko puntu bat murriztuz. Erreferentzia gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren 2024ko intzidentzia-tasa 66,45ekoa izan zen, aipatutako zifraren alde positiboa erakutsiz.
Datu horiek mantendu eta hobetzeak konpromisoa eta ekimen berritzaileak eskatzen ditu laneko arriskuen prebentzioaren arloan. 2010az geroztik SUESKOLA Fundazioarekin Oñatiko gure egoitzan dugun etengabeko lankidetza ekimen berritzailearen adibide bat da, arriskuen prebentzioan ohikoak diren praktiketatik haratago doana.
SUESKOLA Fundazioa Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako suteak prebenitzeko eta itzaltzeko trebatze-zentroa da, eta instalazio aitzindariak ditu alor horretan, benetako sua barne. ULMA Constructionek Fundazioarekin duen lankidetza bi alderditan zentratzen da: alde batetik, ULMA Constructioneko langileek kalitate handiko prestakuntza jasotzen dute suarekin lotutako arriskuen aurrean prest egoteko, eta, bestetik, Fundazioak enpresak egindako simulakroetan parte hartzen du, eta horrek aukera ematen dio ingurune errealetan praktikak egiteko.
Bi erakunde horien arteko lankidetza, denboran zehar duten egonkortasuna eta emaitzen balorazio positiboa kontuan hartuta, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren adibide bat da, eta elkarren mesederako da. Harreman hori, gainera, aintzat hartu da Fundazioak berak bere 15. urteurrena ospatzeko aurten antolatu duen ekitaldi oroigarri batean.
Albiste honetan aipatutako helburu, prozesu eta ekintzak erakundeak lan-ingurune seguru eta osasuntsuekin duen konpromisoaren eta egindako ahaleginen erakusgarri dira, eta ULMAk arlo hau zaindu eta hobetzeko duen konpromisoa berresteko balio dute.