ULMA ingeniaritza Brasilgo 'Arco da Inovação' zubi enblematikoan
Zubi horrek bide seguruagoa eta azkarragoa sortuko du eguneko 180.000 ibilgailu baino gehiago ibiltzeko, hiriko trafikoa arinduko du, eta 3,6 km-tik gorako bidegorria ere izango du.
Proiektu honetako ezaugarri garrantzitsuenetako bat erabilitako sistemen moldakortasuna eta langileen segurtasuna izan da. Horretarako, ingeniaritza-taldeak soluzio integrala garatu du pilonoetarako eta horien artean doazen galtzadetarako egokiak diren enkofratu eta aldamio bidezko sistema eta aplikazioekin. Queiroz Galvão enpresa eraikitzaileak berriz ere konfiantza izan du ULMA ingeniaritzako soluzioetan, baita exekuzio epe oso zorrotzen aurrean erantzuteko duen gaitasunean ere.
Inklinazioko eta lau aldeko sekzio aldakorreko bi pilonoen kasuan, ATR sistema autoigokaria aukeratu da, VMK egurrezko habeen enkofratuarekin, kanpoalderako, eta KSP plataformarekin, barrualderako. Sistema autoigokaria ezin hobeto egokitu da fustearen inklinazio eta kurba eliptikara, azken hormigoiztatzean 23 gradurainokoa. Sistemak gauzatze-erritmo handiak ahalbidetu ditu, hiru eguneko hormigoiztatze zikloak 3,6 metroko altuerako tarteetan, eta garabiaren beharrik gabe. Gainera, lan-plataformen hiru maila ditu, enkofratu, ferrallatu edo hormigoiztatzeko lanak egiteko, bai eta egitura altxatzeko lanak egiteko ere; horrela, une oro, mantendu dira altuera handietan beharrezkoak diren segurtasun-maila zorrotzak. Zubiaren geometria konplexua izan arren, MK sistemaren aplikazio ezberdinak erabilita, egiturazko eskakizun guztiak bete ahal izan dira.
Altuera desberdinetan dauden zeharkako bi habeak, zeinen gainean X formako bi galtzadak eraikitzen diren, ENKOFORM HMK bidez egin dira, T-60 zinbriaz zurkaiztuak. Beste zati batzuetan, trafikoa moztu ez zedin, MK zinbriaz egindako soluzio bat proposatu da.
Arkua ixteko, ENKOFORM HMK enkofratua erabili da, profil metaliko berezietan eta T-60 zinbrian zurkaiztuta.
Zubiaren eremu desberdinetara sartzeko, BRIO eskailera bi prestatu dira arkuaren alde banatan eta bi zati bereizitan. 60 metroko altuera duen lehen atala lurrean bermatu da. 40 metroko altuera duen bigarren eskailera-zatiak hiru eskailera independente ditu, arkuan kokatutako BMK kontsolen gainean.