Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Malagako AQ Urban Sky proiektuaren egituretako baten amaiera ospatu dugu

2023/03/21
Joan den ostegunean, Malagako Martirikoen pasealekuan dagoen “AQ Urban Sky” proiektuaren bigarren dorrearen amaierako bandera jartzea ospatu genuen, Grupo Avintia gure bezeroarekin batera.

Bandera jartzea da eraikuntza sektorean oraindik egiten den tradizio zahar bat, eta eraikuntza proiektu baten egiturarik konplexuena eta erabakigarriena arrakastaz eta seguru amaitu dela ospatzeko balio du. Tradizio hori Erdi Arotik dator, izan ere, garai hartan ohikoa zen eraikinaren goialdean bandera bat jartzea haizeak nondik jotzen zuen eta haize boladak ikusteko, altuerako obra bat egiteko orduan prebentzio neurri gisa. Gaur egun, eraikuntza proiektuaren alderik zailenetako baten amaieran parte hartu duten enpresek, zati horren amaieran, ekitaldi bat antolatzen dute eta ekitaldian elkartu egiten dira amaiera ospatzeko eta obra gauzatzen ari ziren bitartean izandako esperientzien berri elkarri emateko.

AQ Urban Sky etxe orratza eraikitzeko AQ Acentorrek Grupo Avintiari esleitutako proiektuaren barruan sartzen da ekitaldi hori. Martirikoen pasealekuaren aldean 31 solairuko bi dorre eraikitzeko proiektuak ia 80 milioi euroko obra kostua izango du. Malagako hiriburuko hiri paisaian mugarri izango den eraikuntza proiektua da, izan ere, dorre horiek 126 metroko altuera izango dute eta Andaluziako bigarren dorrerik altuenak izango dira. Proiektuak 78.000 m² eraikiak izango ditu, eta bere bi dorreetan 450 etxebizitza egongo dira, eta horietako bat hotel jarduerarako erabiliko da.

Sestra gaineko 31 solairuen forjatuak eta sotoa eta beheko solairua dauden dorreetako sestra azpiko eremuenak sistema hauen bidez egin dira: RAPID lauza berreskuragarriko enkofratua, CC-4 aluminiozko lauza modularreko enkofratua eta ENKOFLEX egurrezko habeen enkofratua. Horma eta zutabeetarako, berriz, ORMA enkofratu modularra aukeratu da.

Erabilitako sistemen berrikuntza, eraikuntza prozesua eta obra gauzatzen zen bitartean izandako segurtasuna dira proiektu hau definitzen duten alderdirik garrantzitsuenak. 

Bi dorreak gauzatzeko, lanen hirugarren mailatik aurrera, HWS babes perimetraleko pantaila erabili da, jada lehor zeuden beheko bi mailak estaltzeko eta kota gaineko 2 metro lauzarekin hirugarren maila hezea babesteko ere bai. Halaber, lauza enkofratua maila batetik bestera mugitzeko bi karga plataforma jarri ziren. Dorre bakoitza babesteko, 33 HWS panel erabili dira guztira, eta horietatik 31 lauak izan dira, eta geometriaren arabera neurri aldakorrekoak. Panelekin 183 m-ko perimetroa estali da 1. Dorrearen kasuan, eta 157 m-ko perimetroa 2. Dorrearen kasuan.

Erabilitako enkofratze sistemak irtenbide egokia izan dira dorre bakoitzeko nukleoak gauzatzeko, geometria desberdinetara egokitzen ziren-eta. 1. Dorreko triangelu formako nukleoan ENKFORM V-100 egurrezko habeen enkofratua eta RKS sistema igokari gidatua erabili dira soluzio gisa, bai kanpoaldean, bai barrualdean, hormigoitzeko ponpa dagoen triangeluko erpinetako batean izan ezik. Egoera horri irtenbidea emateko, ATR sistema autoigokari jasoa erabili da, lau zilindrorekin eta egitura berezi batekin, eman beharreko formagatik.  Material geruza 3.10 m-koa da eta nukleoa eta lauzak gauzatzeko ziklo osoa 9 egunekoa zen.

2. Dorreko nukleoari dagokionez, forma angeluzuzena du eta aurrez aurre jarritako dimentsio desberdineko bi “U”-k osatuta dago. Erabilitako enkofratua ENKFORM V100 da, 1. Dorreko nukleoa gauzatzeko erabilitakoaren berdina, baina soluzioa, berriz, ATR-SC edukiera handiko sistema autoigokaria erabiliz egin zen, zeinak kanpoaldeko enkofratu osoari eusten dion, baita bere lan plataformei eta zertxaren goiko aldean dagoen hormigoitze ponpari ere. Kasu honetan, material geruza 3,15 m-koa da eta ATR-SC autoigokaria jasotzeko sistema lau zilindrok aktibatuta dago.

Azken batean, garrantzi handiko proiektua da, bere neurriengatik eta metodo eta sistema efizienteagoak eta berritzaileagoak erabiltzearen alde egiten duen apustuagatik. Eskerrak eman nahi dizkiogu Grupo Avintiari, proiektu honen parte egin gaituelako, eta eraikuntza proiektu honen zati oso garrantzitsu baten amaiera arrakastatsua eta segurua sinbolizatzen duen eta gertaera hori ospatzeko balio duen bandera jartzearen ekitaldiaren parte ere egin gaituelako.

Proiektuaren inguruko xehetasun gehiago bideo honetan