FSC eta PEFC ziurtagiriak berritzeak ingurumenaren jasangarritasunarekin dugun konpromisoa sendotzen du
Zaintza katearen FSC eta PEFC ziurtagiriak berritzeak bermatzen du hiru geruzako egurrezko tauletan, VM-20 egurrezko habeetan eta erretxina fenolikoko xafla duten taula kontratxapatuetan ULMAk erabiltzen duen egurrak basoen jasangarritasuna ziurtatzeko beharrezkoak diren estandarrak betetzen dituela, ingurumen inpaktuaren irizpideak ez ezik alderdi sozial eta ekonomikoak ere ziurtatzen dituzte-eta, hala nola, lan eskubideak betetzen direla. Ziurtagiriak ULMA Eraikuntzak Espainiako lurraldean dituen lantoki guztietarako dira.
Horrela, ingurumen jasangarritasunarekin dugun konpromiso irmoa mantentzen eta sendotzen dugu, gure basoen zaintzaren garrantzia balioetsita, klima aldaketa arintzen nabarmen laguntzen baitute eta airea arazteko, ur garbia emateko, elikagai kopuru handia sortzeko eta munduko biodibertsitatearen %80 hartzeko ezinbesteko aberastasun iturri baitira. Basoak osasun eta ongizate iturri dira, eta berez lotuta daude gure kulturekin, gure erritoekin eta existentzia ulertzeko moduekin, eta komunitate askoren bizibidea ere badira.
Baso masaren galerak, baso soiltzeak, beraz, eragin handia du planetaren jasangarritasunean, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren aldetik. Horregatik, ezin da ulertu ekosistema horien babesa barnean hartzen ez duen jasangarritasun konpromiso korporatibo bat. Konpromiso hori hartzen dugu garbi daukagulako basoak babesteak eta errespetatzeak lan egiten dugun tokian bizitza babestea eta errespetatzea esan nahi dutela. Ondare jasangarri bat uztea esan nahi du, gu hemendik joan eta denbora batera gizakiari eta planetari mesede egingo dion ondare bat uztea: gure atzetik etorriko direnentzat inbertsio bat da.
Hori da, hain zuzen ere, Basoen Nazioarteko Egunaren helburuetako bat. Egun hori gaur da, martxoak 21, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2012an hala aldarrikatu zuenetik, eta ULMAk bat egiten du egun horrekin. Aurten, “Basoak eta berrikuntza: mundu hobe baterako irtenbide berriak” da leloa, berrikuntzak eta teknologiak basogintzan duten zeregin erabakigarria azpimarratu nahi da-eta; izan ere, basogintza kontrolatzeko eta monitorizatzeko sistema bat izatea ahalbidetzen dute, herrialde bakoitzak bere basoen egoerari buruzko jarraipen zehatzagoa eta eraginkorragoa egin ahal dezan, deforestazioaren aurka beharrezko neurriak ezarri ahal izateko.