Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

BIM metodologia: bezeroari bideratutako digitalizazioaren onurak

2024/03/15
Nerea Conde, Aplikazio Teknikoen Softwarearen kudeatzailea eta BIM Manager Korporatiboa: "BIMek ikuspegi global handia ematen digu, eta antolatzeko gaitasuna handitzen du".

Zeintzuk dira BIM metodologiak ekartzen dituen onurak?

Onura nagusia da eredu birtual zentralizatu bat dugula, eta lotutako informazioarekin, bai eredua osatzen duten elementuen ezaugarriei eta propietateei buruz, bai proiektuaren propietate espezifikoei buruz, hala nola exekuzio faseen kokapenari buruz, besteak beste.

Informazio hori guztia, proiektuak modu eraginkorragoan antolatzeko lagungarria izateaz gain, proiektu bakoitzak behar dituen BIM erabileretarako ustiatu daiteke. Eraikuntza, obra zibil edo birgaitze proiektu batean jokoan sartzen den alderdi bakoitza aztertzeko aukera ematen du, ahalik eta efizientziarik handiena lortzeko, ahalik eta baliabide gutxien kontsumituta. Horrez gain, BIM metodologiari esker, gure enkofratu eta aldamio sistemen portaeraren simulazioak egin daitezke obra egoera errealetan, balizko arrisku egoerak aurreratzeko eta irtenbiderik seguruena eta efizienteena diseinatzeko, proiektua gauzatu aurretik. 

ULMAn maila estrategikoan erabaki dugu merkatuaren egungo eskariaren aurretik pauso bat aurrerago joatea, metodologia hori gure proiektu gehienetan aplikatuz. Proiektu bakoitzaren ezaugarrien arabera, bezeroak eskatzen ez badu ere, BIM proiektuak antolatzen ditugu ereduan sartu beharreko alderdiak definituz, ondoren informazio hori ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Tamaina handiko proiektuetan, ikuspegi global handia ematen digu, eta proiektua antolatzeko gaitasuna handitzen du. Denboraren datuak edukitzeak, adibidez, obrak irauten duen bitartean materialen egutegia eta plangintza egiteko aukera ematen du. Gainera, gaituta gaude BIM 4D plangintza egiteko eta, horrela, bezeroari zerbitzurik onena emateko.

BIM metodologia ezartzeko prozesuaren zein unetan gaude?

ULMAn beharrezko prozedurak estandarizatzeko eta definitzeko prozesu bat dugu, BIM proiektuak modu homogeneoan eta bateratuan garatu ahal izateko. Era berean, proiektuak metodologia horrekin kudeatu ahal izateko beharrezkoak diren baliabideak ditugu, bezeroaren beharrak identifikatzeko eta aztertzeko. Inplementazio prozesu honetan funtsezkoa da gure egoitza eta filial guztietako teknikarien zein komertzialen taldeek prestakuntza teorikoa eta praktikoa izatea.

Horretarako, barneko BIM Gauzatze Plan bat definitu dugu, eta, plan horrek, edozein eraikuntza proiekturenak bezala, proiektuaren deskribapen orokorra, estrategiak, helburuak eta parte hartzaile bakoitzak hartutako konpromisoak betetzen direla bermatzera bideratutako ekintzak jasotzen ditu. ULMAn kontzientziazio lana egiten dugu BIM ingurune bateko lan metodologiak eraikuntza proiektuetarako dituen erabileraz eta onurez.

Prestakuntzan jorratutako beste alderdi garrantzitsuren bat nabarmenduko zenuke?

Bezeroarekin informazioa trukatzea; izan ere, hori da funtsezko zerbait izateagatik prestakuntzan nagusiki lantzen dugun alderdietako bat. ULMAk garatutako azterketa bezeroari nola heltzen zaion jauzi kualitatibo handia da.

Funtsezkoa da, gainera, BIM interoperabilitateari buruzko ezagutzak izatea, eta hori posible da IFC (Industry Foundation Classes) bezalako datu eredu estandar eta ireki bat aplikatzeari esker. BuildingSMART International elkarteak garatu eta Estandarizaziorako Nazioarteko Erakundeak (ISO) onartu duen eredua da, eta erakunde horiek dira gure barneko estandarrak garatzeko oinarri ditugun erreferente nagusiak.

Horrela, azterketa bezeroari eman diezaiokegu, aldamio eta enkofratu soluzioaren bistak barne, BIM360 bidez 3Dn ikusteko, dokumentazioan QR kode bat sartuta. Halaber, eredua partekatuz, lankidetza ingurune batean integratzeko, formatu unibertsala duen .ifc artxiboaren bidez, lan fluxu bateragarrien bidez BIM ereduak sortu ahal izateko, BuildingSmart elkarteak sustatutako openBIM® ikuspegiarekin eta filosofiarekin bat eginda.